SEKTEN FENOMENOAREN EZAUGARRIAK, FUNTZIONAMENDUA ETA ONDORIO PSIKOLOGIKOAK ETA SOZIALAK.
SEKTA SUNTSITZAILEAK ETA ARRISKU TALDEAK
Sekten fenomenoaren ezaugarriak, funtzionamendua eta ondorio psikologikoak eta sozialak
SARRERA
Sekta Suntsitzaile edo Erlijio-Sekta Suntsitzaileen gaiak ez du delitu izaerako, ogasun publikoari iruzur eta ihes egiteko edo gizarteko hainbat sektoretan sartzeko arazo soziala bakarrik planteatzen, osasun publikoko arazoa planteatzen du gauza guztien gainetik. Azken batean, sekta suntsitzaileak horixe baino ez dira: gure gizarteko gero eta pertsona gehiagori eragiten dieten benetako osasun arazoak. Gainera, jarraitzaile-bilketa horren atzean arrazoi nagusi bakarra dago: dirua.
Baina sekta suntsitzaileek gizartearen aurka dituzten delitu-barietate eta forma desberdinen artean, bi nabarmendu behar dira euren handitasunagatik eta arrisku ikaragarriagatik. Lehenengoa, botere eta esfera sozialetan gero eta Sekta Suntsitzaile gehiago sartu izana, bereziki politika-, lege- eta hezkuntza-arloetan eta abokatutzan eta, batez ere, enpresa- eta industria-arloetan.
Bigarrenak, bere egitatea hain patetikoa eta gordina izango ez balitz, agian ez sinestera eramango luke. Sekta Suntsitzaileen barruan jaiotzen diren edo bere eremuan hazi eta garatzen diren umeek jasaten dituzten ondorio negatibo eta larriak dira. Umeak sektaren irakaspen-esparru zapaltzaile, kaltegarri eta estuan “hezten” dituzte (horri heztea deitu badaiteke). Eta hortxe dago arriskua: Ume horiek erabat ezgaitzen dira sektakoa ez den ingurune sozial eta kulturalean eta heziketa-ingurunean integratzeko posibilitate guztietarako.
Umeek ez dute normaltasunez bizitzen haurtzaroa, oso modu kaltegarrian bizitzen dute: ez dute estimulurik, emozioak ezabatu eta manipulatzen dizkiete, emozioak askatasunez kanporatzea debekatzen diete, hazkunde psikologikoa hondatzen diete, ez dira gai izaten zuzena zer den eta zer ez den bereizteko, batere ez edo oso gutxi eskolatzen dira, abusu sexualak eta jipoiak jasaten dituzte eta, batez ere, alterazio eta arazo psikologikoak jasaten dituzte txiki-txikitatik. Horiez gain, erru-sentimendua, barne-herstura, segurtasunik eza, beldur irrazionalak, lo eza, depresiozko sentimenduak eta abar luzea ere aipa daiteke.
Sekta Suntsitzaileak ez dira eremu geografiko jakin batean bakarrik ematen, munduko ia herrialde guztietara daude hedatuta. Dena den, aipagarria da bere garrantzia eta larritasunagatik, Sekta Suntsitzaileak gehien sartzen, finkatzen eta hazten ari diren eremu geografikoetako bat Latinoamerika dela eta Mexiko, Brasil, Venezuela, Guatemala, Argentina eta Uruguay direla fenomeno negatibo hori gehien jasaten ari diren herrialdeak.
Zoritxarrez, Sekta Suntsitzaileen arriskua ez da itxurazkoa eta irudimenezkoa, etengabe areagotzen ari den gauza erreala da eta, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, estatuko eta tokiko agintarien pasibotasun, ezjakintasun eta ezgaitasunaren aurrean gertatzen ari dena.
Honako hau da gertaera deigarrienetako bat: Sekta Suntsitzaile batzuek horrenbeste hobetu dituztela harreman publikoetako kanpainak, non, gizartearen onarpen-maila ikaragarria lortu dutela, baita profesional kualifikatuenen artean ere. Ospe handiko gero eta profesional gehiago joaten dira zenbait Sekta Suntsitzailek babestutako hitzaldi, ikastaro eta mintegietara (zientzialari, abokatu, mediku, psikiatra, psikologo, politiko, kleriko, irakasle eta abarri zuzendurikoak) eta, horrela, legitimotasun ukitua ari zaizkie ematen Sekta Suntsitzaile horiei. Pertsona horiek ez dakiten arren edo axola ez zaien arren sekta suntsitzaileek ekintza edo bilera horiekin zer lotura duten, euren presentzia hutsa sekten jardueren zeharkako onarpen gisa interpretatu daiteke. Erlijio-Sekta Suntsitzaile gehienei esleitu dakizkiekeen delitu-ekintzen aniztasuna izugarria da; edozein Zigor Kodeko delituen ia espektro osoa hartzen dute, besteak beste: arma-trafikoa, haur-salmenta, dibisak ateratzea, hilketak, narkotrafikoa, derrigorrezko prostituzioa, mehatxuak, pozoidurak, iruzurrak, kontrabandoa, erasoak, lapurretak, sexu-abusu eta -bortxaketak, bahiketak, eta abar.
Hain zuen ere, euren delituzko portaera eta dinamikagatik, hainbat herrialdetatik bidali dituzte eta beste askotan sartzea debekatu diete Sekta Suntsitzaileei. Hor daude hainbat eta hainbat kasu: Iglesia de la Cienciologia (Dianóstico, Narconón, Criminón, etab.), Ananda Marga, Instituto Lingüistico de Verano, TFP (Tradición, Familia, Propiedad), Baterakuntzaren Eliza (Moon sekta), eta abar.