Artikuluak eta Estekak
Enlaces de interés

SEKTA SUNTSITZAILEAK ETA ARRISKU TALDEAK

Lehenengo hurbilketan badirudi bi kolektiboak gauza bera edo oso antzekoak direla, baina errealitateak erakusten du Sekta Suntsitzaileak (edo Erlijio-Sekta Suntsitzaileak) aspektu askotan oso desberdinak direla Arrisku Taldeak deiturikoekin alderatuz. Norbanakoen mailan nahiz gizarte mailan askoz arriskutsuago dira lehenengoak, baina hala ere, ez da baztertu eta gutxietsi behar bigarrengoen larritasuna eta arrisku-potentziala.

Sekta Suntsitzaileak
Komenigarria da Sekta Suntsitzailea zer den azaltzea, euren sailkapena egitea, zer ezaugarri dituzten definitzea eta bakoitzaren egitura eta dinamikaren arabera izan dezaketen arrisku-maila adieraztea.   

Sekta suntsitzailea talde edo mugimendu totalitarioa da eta elkarte-mota desberdinen itxurapean (fatxada) aurkeztu daiteke: erlijiosoa, sozio-erlijiosoa, kulturala, toxikomanoen errehabilitaziokoa, etab.   Kideek debozio edo dedikazio osoa izan behar dute taldearekiko eta pertsona eta ideia jakin batzuekiko; manipulazioko, pertsuasioko, kontrol mentaleko eta pentsaeraren aldaketako teknika erabiltzen du; teknika horien xede bakarra taldeko buruzagiaren edo buruzagien helburuak lortzea da (beti ere jarraitzaileen kaltetan) eta, helburu horien artean aipagarriena, buruzagia jarraitzaileen kontura aberastea; taldearekiko mendekotasun osoa sortzen du jarraitzaileetan;  jarraitzaileak psikologikoki kaltetzen dituzte euren borondatea eta arrazoiketa ezereztuz edo murriztuz; euren ondare ekonomikoaren zati bat edo dena ematera behartzen dituzte (dirua, soldata, etxeak, ondasunak, bitxiak, etab.); jarraitzaileak euren ingurunearekin etetera behartzen dituzte, partzialki edo erabat: gizarte, familia, sexu, bikotekide, aisialdi, adiskide, lan eta beste hainbat alorretan eta, kasu askotan, era guztietako abusu eta eraso fisiko larriak izaten dira.
Sekta Suntsitzaileak honako lau multzo handi hauetan SAILKATZEN dira:

Sekta Suntsitzaileak: Beste hiru multzoetan sartzen ez diren sekta suntsitzaileak. Sekta garrantzitsuenak, arriskutsuenak eta jarraitzaile gehien dituztenak sartuko lirateke multzo horretan. Horietako askok hainbat hamarkada dituzte jardunean. Beste batzuen artean, honako hauek dira aipagarrienak: Anancla Marga, Brahma Kumaris, Elan Vital (Misión del a Luz Divina), Hare Krishna, Iglesia Adventista del Septimo Día, Gogarte Transzendentala, Mormoiak, Movimientos  Gnósticos, etab.

Sekta Satanikoak: Errito satanikoak egiten dituzten edo deabrua gurtzen duten sektak bakarrik sartuko lirateke multzo horretan. Honako hauek egongo lirateke beste batzuen artean: Iglesia de Lucifer, Las Hermanas del Halo de Belcebú, Satori, Los Hilos del Fuego, Ordo Illuminatorum, Ordo Templi Orientis, Universidad de la Sesenta, etab.

Ebanjelio Sekta Suntsitzaileak: Ebanjelioaren eragin handia duten eta Sekta Fundamentalista (gehienak Latinoamerikan), Telepredikatzaile edo Eliza Elektronikoa izenaz ezagutzen diren sekta suntsitzaileak sartuko lirateke multzo horretan. Honako hauek dira, beste batzuen artean: Iglesia Universal del Reino de Dios, Instituto Lingüistico de Verano, Centro Cristiano, Movimiento Misionero Mundial, Iglesia evangelica de Pentecostes de Besançon, etab.  

Psikoterapia Sektak: Manipulazioko, pertsuasioko, kontrol mentaleko eta emozioen alterazioko teknika edo metodo psikologiko jakin batzuk gehiegikeriaz eta iruzur eginez erabiltzen dituzten sektak bakarrik sartuko lirateke multzo horretan. Talde horietako asko osasun arloko profesionalek zuzentzen dituzte, batik bat, inolako eskrupulu eta etika profesionalik ez duten psikologo eta psikiatrek. Beste sekta asko lanbide-prestakuntzarik gabeko norbanakoek zuzentzen dituzte, asko eta asko ezjakin eta analfabetoak direnak baina pertsonen emozioak maneiatzeko trebetasun handia dutenak. Honako hauek aipa daitezke beste batzuen artean: ETS (Erhard Seminars Tralning), Heidi FittkauGartheren Sekta, Lifespring, Kontrol Mentaleko Silva Metodoa, Insight Seminars (Ulermen Mintegiak), Sterling Management Systems (Sterling Kudeaketa Sistemak), etab.
Badira Sekta Suntsitzaileak definitzen dituzten eta beste gizarte-talde guztietatik bereizten dituzten EZAUGARRIAK. Gizarte-talde horiek, euren ideologiagatik, funtzionamenduagatik edo egituragatik, ez dute zerikusirik sekta suntsitzaile horiekin.  Sekta Suntsitzaileak definitzen dituzten ezaugarrien artean honako hamasei hauek egongo lirateke gutxienez: 

1. Jarraitzaileak psikikoki kaltetzen dituzte (garun-garbiketa = pentsaeraren aldaketa).

2. Euren helburu nagusi eta bakarra DIRUA da (dirua egiteko “makinak” dira). 

3. Horregatik, fatxada erlijiosoen, sozio-erlijiosoen, kulturalen, toxikomanoen errehabilitaziokoen eta antzekoen azpian mozorrotu edo estaltzen dira jarraitzaileak bereganatzeko. Baina ez fatxada eta ez edukia ez zaie batere axola, jarraitzaileak lortzeko “estalkia” baino ez da.

4. Jarraitzaileen askatasun indibidualak eta intimitaterako eskubidea ezeztatzen dituzte.

5. Jarraitzaileen borondatea eta arrazoibidea gutxienera edo ezerezera murrizten dituzte.

6. Jarraitzaileen emozioak modu gordinean manipulatu eta aldatzen dituzte.

7. Egitura teokratiko, bertikal eta totalitariodun taldeak dira. Zuzendariaren (edo zuzendarien) hitza fedezko dogma da. Beste ezerk ez du balio eta hari bakarrik men egin behar zaio.   

8. Gehienetan buruzagi karismatiko eta "mesianikoek" zuzendutako taldeak dira (kasu askotan psikopata hutsak dira).

9. Sexualitatea manipulatzen dute, bai eskasiaz (gehienetan) bai gehiegikeriaz.

10. Gizarteari eta erakundeei gogor uko egiten diete, gero eurez baliatzen diren arren.

11. Honako hauek dira euren jarduera nagusiak: proselitismoa, diru-bilketa (hainbat modutan), ikastaroak, hitzaldiak, konferentziak eta abar ematea, produktuen salmenta, arazo pertsonalen ustezko konponketa, marjinatuei laguntzea, eta abar.   

12. Taldearekiko dedikazio partziala edo erabatekoa eskatzen diete jarraitzaileei.

13. Jarraitzaileek familiarekin, bikotekidearekin, lagunekin, gizartearekin eta sexu, aisialdi eta lan arloan dituzten harremanak etetea lortzen dute.

14. Jarraitzailea psikologikoki presionatuz eta manipulatuz, hark sektari (buruzagiari) bere ondare ekonomikoaren zati bat edo dena ematea lortzen dute (dirua, soldata, ondasunak, hamarrena, jabegoak, herentziak, etab.).

15. Talde horietako asko komunitate itxietan bizi ohi dira edo, bestela, jarraitzaileak erabateko mendekotasuna du taldearekiko.

16. Neurri handiagoan edo txikiagoan, kalte eta nahaste psikologikoak eragiten dizkiete jarraitzaileei, batzuk oso larriak, eta baita kalte fisikoak ere. 

Sekta Suntsitzaileen ARRISKU MAILARI dagokionez, eragin dezaketen kaltearen arabera sailkatzen dira, baina ez  jarraitzaileei bakarrik, baita gizarteari ere. Sekta Suntsitzaileek jarraitzaileei egiten dieten kalte hori hiru kategoriatan sailkatzen da: kalte psikologikoa, kalte ekonomikoa eta kalte fisikoa.


Horretan oinarrituz, sekten arriskua lau mailatan sailkatuko litzateke, txikienetik handienera. Honako hauek dira arrisku-mailak:

A Maila: Jarraitzaileei ez kalte psikiko, ez fisiko, ez ekonomikorik eragiten ez dieten talde edo sektak (ez-suntsitzaileak) dira. Gutxienekoak dira.

B Maila: Kalte ekonomiko, fisiko eta psikikoak eragiten dizkiete kideei eta, gainera, batere gomendagarriak ez diren janari-dietak eta tratamendu espezifikoak erabiltzen dituzte. Beste batzuen artean, honako Sekta Suntsitzaile hauek egongo lirateke multzo horretan: Ágora, Ananda Marga, Arco Iris (Tierra Nueva), CEIS, Iglesia Adventista del Séptimo Día, Partido Humanista (La Comunidad, Berde Ekologistak), Opus Deí, Jehovaren lekukoak, etab.

C Maila: B mailakoen ezaugarri guztiak izateaz gain, indarkeria fisikoarekin, derrigorrezko prostituzioarekin, armen fabrikazio eta salmentarekin eta haurren salmentarekin zerikusia duten Sekta Suntsitzaileak sartuko lirateke. Beste askoren artean, honako hauek aipa ditzakegu: Centro de la Luz Divina, Iglesia de la Cienciologia (Dianóstico, Narconón,Crirninón), Baterakuntzaren Eliza edo Moon Sekta, Niños de Dios (La Familia, Familia del Amor, Misioneros Cristianos), Hare Kríshna, Nueva Acrópolis, etab.

D Maila:  B eta C mailakoen ezaugarri guztiak izateaz gain, indarkeria, degradazioa eta kaltea maila gorenera eramateko gai diren sekta suntsitzaileak sartzen dira multzo horretan. Baina hemen bi azpimultzo egin daitezke: alde batetik, Deabru Sektak edo Sekta Satanikoak egongo lirateke, deabru-errito, errito sataniko eta giza sakrifizioekin duten loturagatik eta, bestetik, Sekta Satanikoak izan gabe, indarkeria eta hilketa ohikoak dituztenak. Lehen azpimultzoko adibide batzuk honako hauek dira: Bambini di Satana, Lerudole di Ishtar (satanikoa eta feminista), La Familia (Charles Mansonena), Satori, Las Hermanas del Halo de Belcebú, etab. Bigarren azpimultzoan honako hauek aipa ditzakegu: Templo del Pueblo, Orden del Templo Solar, Misión Israelita del Nuevo Pacto Universal, La Verdad Suprema, Park Soon Ja, Secta del pastor evangélico Ramón Morales, etab.

 

icono lehenengoa| hurrengoa icono